Gure inguru maitea, lurralde maitea. Gipuzkoako beste ingurune eder bat ezagutzeko, plan paregabea aurkeztera goaz: Gipuzkoako bihotzean dagoen ingurune bat… OÑATI.

Kiroleko arropa jantzi eta bazkaltzeko piknika prestatzea gomendatzen dizuegu. Kantinplora goraino bete, eguzkitako krema eman eta motxila jantzita, gogoan izango duzuen toki ederra ezagutuko dugu!

OÑATI ezkerretara utzi eta Arantzazurantz abiatuko gara. Ondoren, oinezko bideari ekingo diogu! Mendiko makilak hartu, eta gorako bidea abiarazten da hemendik: Urbiarantz.

Ordubete inguruko ibilaldia egiteko aukera eskaintzen du ingurune honek, euskal basoan murgildurik eta animalia ezberdinen doinuekin goxatuz. Pausuz pausu, konturatu ordurako, gora iristen da. Pagoek eginiko pasillo ederra dugu aurrean, pasabide gisa.

Beste aldean, lautada eta zelaigune ederra dago. Bertako tabernan, sagardo botila eta txorixo bokata prestatzen dute, eta kanpoan dituen egurrezko mahaietan esertzea gomendatzen dizuegu, aukera ezin hobea da! Giro ederrean, Urbiaren inguruan dauden mendi guztien izenak aipatu, zein da zein? Aizkorri, Andraitz, Arbelaitz, … Ezetz asmatu! Goxatu une honetaz eta ondoren jaisteko bideari ekin!

Arantzazura heldu ondoren, bertako jatetxean mokadutxoa egin daiteke eta basilika bisitatu; tradizioak agintzen duen bisitatxoa! Arratsaldean, Oñati eta Arantzazuren artean kokatzen den koba txiki batean murgiltzea aukera ona da: Arrikurtzeko koba.

Bisita gidatua, aldez aurretik lotu behar da. Horrela, lur azpiko misterio eta bitxikeria ugari bistaratuko dituzue. Ez pentsa, umeentzako bisita bat denik soilik, helduak ere aho zabalik uzten dituen bisita horietako bat da eta!

Egun osoko irteera planifikatu arren, erraz egin daiteke egun erdiz ere. Izan ere, Urbiara igo, jaitsi eta Arrikrutzeko koban bisita, edozein larunbat zein igande goizean egin daiteke.

Animatu!