Oraingo honetan kostarantz joko dugu. Barnealdeko beroa atzean utzi eta kostako haize freskorantz joko dugu. Zarautz, Getaria eta Zumaia bisitatuko ditugu gaurkoan.

Lagunekin, familiarekin, bikotearekin… edozeinekin egun pasa joateko leku ikaragarriak ikusiko ditugu.

Zarautzen hasiko dugu gure eguna, goizean ondo lo egin eta goizerdirako Aiten-Etxe jatetxe parera hurbilduko gara. Bertatik oso gertu dago Kantauri Itsasoko paisaia erakusten digun paseoa.

Lau kilometro dauzka eta guztiz laua da, ordubete irauten du, abiaduraren arabera, noski. Paseoko edozein momentutan eskuin zein ezkerrera begiratuz gero, Zarautz edo Getariako bista ikusgarriak izango ditugu. Paseo erdialdean behatoki bat dago eta nahiz eta bertatik ez den Zarautz ikusten, Getariaren xarma guztia beha dezakegu.

Paseo hau Getarian amaitzen da eta bertan bazkaltzeko aprobetxa dezakegu. Merezitako txakolina eta arraina parrilan jan ditzakegu indarberritzeko.

Bazkal ostean, Iparreko Santiagoko bidea hartu eta asfaltoa atzean utziko dugu bidezidor bat hartuz. Bertatik segituan iritsiko gara Zumaiako bista ederrak erakutsiko dizkiguten zelai luzeetara. Zazpi kilometro emango ditugu bertatik, Zumaia beti helmuga.

Pare bat orduko ibilaldia izango da, hau ere abiaduraren araberakoa, eta Zumaian amaituko dugu. Bertan mokadutxoa hartu dezakegu, etxera itzultzeko autobusa hartu baino lehen.