Category

Gure txokoak

UDA ARRAKASTATSUA EUSKAL HERRIAN

- Gure txokoak

Euskal Herria bezalako toki gutxi dago munduan. Paraje ikusgarriak, gastronomia bikaina eta klima goxoa, ba al dagoz zerbait gehiago eskatzerik?

Gauzak horrela, turismoaren hazkundea nabarmena izan da uda honetan EAEn. Hala dio Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburu den Alfredo Retortillok. Uztaila eta abuztua bitartean, EAEko hotel eta landetxeetan 345.000 erregistro berri inguru zenbatu dira, gehienak atzerritarrei dagokienak, bereziki Gipuzkoan gorakada jarraitu egonik, batez ere Donostian.

Zalantzarik gabe, Euskal Herrian turismoak hazkunde marjina du, baina errekorrak hausten ari da. Zentzu honetan, IBILTUR-en datuen arabera, Euskadin lo egiten duten %79ak aisialdiarekin lotzen du bere egonaldia, hauen artean ibilbide turistikoak egitearen joerak hazkunde nabarmena duelarik, %20 ingurukoa.

Uda bukatzear dago, baina Euskal Herriak urte osoan zehar eskaintzen ditu turismo aukera paregabeak, ezagutu itzazu gurekin batera!

ASTE SANTUAN NORA?

- Gure txokoak, Ospakizunak

Bertan da urteko lehen opor garai garrantzitsua, eta Aizpuruarrok zurekin batera bizi nahi ditugu. Ziurrenik, bidai aurreko prestaketetan harrapatuko zaitugu orain, eguraldi aurreikuspenak begiratzen, eraman beharreko arropa erabakitzen edo agian oraindik zer bisitatu jakin gabe.

Azken egoera honetan zaudeten guztiontzat galdera bat luzatzen dugu, ezagutzen al dituzue euskal gatzagak? Euskal Herriak bere osotasunean esploratuak izan beharreko txoko miresgarriak eskaintzen ditu, eta gatzagak dira dudarik gabe hauetako batzuk. Euskal Herrian mota ezberdinetako bi ditugu, Gesaltza-Añana eta Leintz-Gatzagakoak.

Gesaltza-Añanan gatza egoteko arrazoia duela 200 milioi urte bertan egon zen ozeano handi bat da, honen lurrunketak ebaporita-geruza handiak eragin zituen hondoan, gatzaren ustiapenerako egoera egokia utziz. Añanan bisita mota ezberdinak eskaintzen dira, bertaratutakoen beharrizanetara moldatuz, gatzagez gain inguru paregabe bat ezagutzeko aukera emanez.

Leintz-Gatzagan aldiz, XVI. mendean hasi ziren gatza ekoizten, Gipuzkoan gatz eskari handia baitzegoen besteak beste Ternuara bale bila zihoazen itsasontziak hornitzeko. Gorabehera ekonomien ondorioz, gatzaga 1954an itxi zen, 600 urteko aktibitatearen ondoren. Orain ordea, bertako historia ezagutzeko aukera paregabea dago.

Zalantzarik gabe, Euskal Herrian gatz ustiaketak pisu historikoa du, eta merezi du honen berri hartzea. Bisita ezazu gure herriaren urre zuria!

Herri bizia

- Gure txokoak

Usurbilen gaude, Gipuzkoako bihotzean. Zumetak margoturiko herrian. Artzeren letrek kantatutako herrian. Gipuzkoar sagardo gorenak bustiriko herrian. Oria ibaiaren urek bainaturiko herria, euskaraz bizi den herria, kirolari eta monumentuen herria.
Usurbil, Aizpuruaren herria. Zatoz eta bisita gaitzazu!

ZARAUTZ – GETARIA – ZUMAIA

- Gure txokoak

Oraingo honetan kostarantz joko dugu. Barnealdeko beroa atzean utzi eta kostako haize freskorantz joko dugu. Zarautz, Getaria eta Zumaia bisitatuko ditugu gaurkoan.

Lagunekin, familiarekin, bikotearekin… edozeinekin egun pasa joateko leku ikaragarriak ikusiko ditugu.

Zarautzen hasiko dugu gure eguna, goizean ondo lo egin eta goizerdirako Aiten-Etxe jatetxe parera hurbilduko gara. Bertatik oso gertu dago Kantauri Itsasoko paisaia erakusten digun paseoa.

Lau kilometro dauzka eta guztiz laua da, ordubete irauten du, abiaduraren arabera, noski. Paseoko edozein momentutan eskuin zein ezkerrera begiratuz gero, Zarautz edo Getariako bista ikusgarriak izango ditugu. Paseo erdialdean behatoki bat dago eta nahiz eta bertatik ez den Zarautz ikusten, Getariaren xarma guztia beha dezakegu.

Paseo hau Getarian amaitzen da eta bertan bazkaltzeko aprobetxa dezakegu. Merezitako txakolina eta arraina parrilan jan ditzakegu indarberritzeko.

Bazkal ostean, Iparreko Santiagoko bidea hartu eta asfaltoa atzean utziko dugu bidezidor bat hartuz. Bertatik segituan iritsiko gara Zumaiako bista ederrak erakutsiko dizkiguten zelai luzeetara. Zazpi kilometro emango ditugu bertatik, Zumaia beti helmuga.

Pare bat orduko ibilaldia izango da, hau ere abiaduraren araberakoa, eta Zumaian amaituko dugu. Bertan mokadutxoa hartu dezakegu, etxera itzultzeko autobusa hartu baino lehen.

OÑATI – ARANTZAZU – URBIA

- Gure txokoak

Gure inguru maitea, lurralde maitea. Gipuzkoako beste ingurune eder bat ezagutzeko, plan paregabea aurkeztera goaz: Gipuzkoako bihotzean dagoen ingurune bat… OÑATI.

Kiroleko arropa jantzi eta bazkaltzeko piknika prestatzea gomendatzen dizuegu. Kantinplora goraino bete, eguzkitako krema eman eta motxila jantzita, gogoan izango duzuen toki ederra ezagutuko dugu!

OÑATI ezkerretara utzi eta Arantzazurantz abiatuko gara. Ondoren, oinezko bideari ekingo diogu! Mendiko makilak hartu, eta gorako bidea abiarazten da hemendik: Urbiarantz.

Ordubete inguruko ibilaldia egiteko aukera eskaintzen du ingurune honek, euskal basoan murgildurik eta animalia ezberdinen doinuekin goxatuz. Pausuz pausu, konturatu ordurako, gora iristen da. Pagoek eginiko pasillo ederra dugu aurrean, pasabide gisa.

Beste aldean, lautada eta zelaigune ederra dago. Bertako tabernan, sagardo botila eta txorixo bokata prestatzen dute, eta kanpoan dituen egurrezko mahaietan esertzea gomendatzen dizuegu, aukera ezin hobea da! Giro ederrean, Urbiaren inguruan dauden mendi guztien izenak aipatu, zein da zein? Aizkorri, Andraitz, Arbelaitz, … Ezetz asmatu! Goxatu une honetaz eta ondoren jaisteko bideari ekin!

Arantzazura heldu ondoren, bertako jatetxean mokadutxoa egin daiteke eta basilika bisitatu; tradizioak agintzen duen bisitatxoa! Arratsaldean, Oñati eta Arantzazuren artean kokatzen den koba txiki batean murgiltzea aukera ona da: Arrikurtzeko koba.

Bisita gidatua, aldez aurretik lotu behar da. Horrela, lur azpiko misterio eta bitxikeria ugari bistaratuko dituzue. Ez pentsa, umeentzako bisita bat denik soilik, helduak ere aho zabalik uzten dituen bisita horietako bat da eta!

Egun osoko irteera planifikatu arren, erraz egin daiteke egun erdiz ere. Izan ere, Urbiara igo, jaitsi eta Arrikrutzeko koban bisita, edozein larunbat zein igande goizean egin daiteke.

Animatu!

ASTE SANTUKO IRTEERAK

- Gure txokoak

Aste santuan talde asko dira (eskolarrak, kirol taldeak) beraien urteko irteera egiteko aprobetxatzen dutenak. Kirol taldeak txapelketak izaten dituzte, atletismokoak adibidez, beste urte batez gurekin egingo dute Salourako joanetorria eta eskolarrak aurten aukeratutako opor lekua Paris izan da. Argazkia ikusgai gure gidari batek bidalia.

Ondo pasa!!