
Bidaia eta autobus bakoitzaren atzean pertsona aparten istorioak daude. Gaur Iker Puertas aurkeztuko dizuegu, gure langile moldakorrenetako bat, zeinak erakutsi digun inoiz ez dela berandu lan-bizitzari buelta eman eta amets bat betetzeko.
2023an lan-norabidea aldatu eta autobus baten bolantearen atzean jartzea erabaki zuen, betidanik arreta deitu dion sektorea izan baita. Gaur, hiru urte pasatxora, Aizpurua Autobusaken lantaldeko funtsezko pieza bihurtu da.
Egunerokotasun dinamikoa: gidaria, mantenua
Ikerren egunerokoa berezia egiten duena bere balioaniztasuna da. Enpresan duen rola ezin hobeto egokitzen da urtaroen erritmora:
- Goi-denboraldian errepidea da bere lehentasun nagusia, gure bidaiariei zerbitzurik onena eskainiz.
- Behe-denboraldian autobusak sakon garbitzeaz eta garajea mantentzeaz arduratzen da, flota beti distiratsu eta prest dagoela ziurtatuz.
- Tarte libreetan, bere zaletasunetako bat aprobetxatu eta Instagram konturako edukia sortzen du.

“Gehien gustatzen zaidana autobus handiak gidatzea da. Baina ofizio honetan gakoa gehiegi ez fidatzea da; tonaje handiko ibilgailuak direnez, edozein despiste garesti atera daiteke”, kontatzen digu berezkoa duen arduraz.
Errepidean: musika, paisaiak eta anekdota txiki bat
- Bere ezinbestekoak: inoiz ez zaizkio falta eguzkitako betaurrekoak eta, jakina, musika onarekin gidatzea.
- Itsasoa ala mendia? “Kostaldea gehiago gustatzen zait, itsasoak lasaitasun handia transmititzen dit, nahiz eta barnealdeak ere oso paisaia politak dituen”. Gurekin bidaiatzen duen edonorentzat bere gomendiorik onena gure kostaldeko herri zoragarrietako ibilbideak dira.
- Lan guztietan bezala, beti dago oroimenerako uneren bat edo beste. Ikerrek bere despiste txiki bat aitortu digu: “Bost autobus geunden ikastetxe batean. Nahastu egin nintzen berria zen lankide bati zegokion bide-zenbakiaren kartelarekin. Lankideak bere ibilbidea buruz ikasia zuen… Nire zerbitzua egin behar izan zuen gixajoak, eta nik berea. Hasieran sustoa eraman zuen arren, azkenean dena ondo atera zen eta anekdota batean geratu zen”.

Sustitución de tacógrafos financiados por Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia - Financiado por la Unión Europea – NextGenerationEU